XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atea giltzaz itxia zegoen eta txirrina nahiz atea jo, han ez zen ezertxo ere pasa.

Osaba Martin ahaztu egin ote da ni gaur natorrela?

Edo hilerrian ote dago oraindik, izeba Luisarekin?

Lasai, lasai etxe inguruan buelta bat eman nuen.

Isiltasun hura ez zen ohizkoa; txoriek ere ez zuten abesten

Bizkarrean behera ikaragarrizko hotzikara sentitu nuen.

Baina jarraian, erabateko lasaitasuna somatu nuen, sukaldeko atea, etxe atzean zegoena, irekia zegoela ikusi nuenean.

Barrura sartu nintzen.

Eta behin sukaldean, berriro neure onera etorri nintzen, hango gortina karratu eta leiho koxkako geranioek gure etxeko sukaldea gogorarazten baitzidaten.

Bestalde arraskan zeuden plater eta katilu zikinek osaba Martin etxean egon berri zela eta denbora gutxi barru itzuliko zela adierazten zuten.

Bitartean, beraz, etxea aztertzea erabaki nuen.

Osaba Martini ez zaio axolako! pentsatu nuen.

Araketak, ordea, ez zuen luze iraun, etxeak lau gela besterik ez zituen eta.